FESTIVAL ZKZ TOPAKETA ‘22
Zirkozaurrek abenduaren 5etik 10era bitartean Bilbon ospatuko den zirku ekitaldi honen bosgarren edizioa antolatu du eta bere programazioan gala bat, ikuskizunak, prestakuntza tailerrak eta topaketa profesional bat izango dira
Festival ZKZ Topaketak bosgarren edizioa beteko du 2022an, eta askotariko eta kalitatezko programazioarekin ospatu nahi dugu. Abenduaren 5etik 10era, biak barne, Bilboko hiriak hitzordu bat izango du zirkurik berrienarekin. Bilborocken gala erakargarri bat, kalitatezko bost ikuskizun eta topaketa profesional bat izango dira. Zirkozaurre guneak lehen mailako irakasleak hartuko ditu, familia osoarentzako tailer eta diziplina ezberdinetako ikastaro trinkoak emateko.
Oraindik ezagutzen ez duzuenontzat, Festival ZKZ Topaketa topagune izateko eta jatorri desberdineko artisten arteko harremanak bultzatzeko sortu zen, sektorea sendotuko luketen sareak sortzen lagunduz. Hasieratik gure inguru geografiko hurbilenarekin estuki lotuta eta konprometituta egon da, hurbildu nahi duten guztiei besoak irekiz ere.
Plan entretenigarri baten bila bazabiltzate eta une honetan egiten den zirkua ezagutu nahi baduzue, hemen duzue aukera bikaina. Zatozte eta gozatu!